Atutxa: “Espainiako alderdiak gutxiago arduratu beharko lirateke EAJ-PNVz eta gehiago beren herriko arazoei erantzuna emateaz"

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak konbentzituta esan du Urkullu Lehendakariak Euskal Hauteskundeak deituko dituela euskal hiritargo osoarentzako datarik komenigarrienean.

Atutxa: “Espainiako alderdiak gutxiago arduratu beharko lirateke EAJ-PNVz eta gehiago beren herriko arazoei erantzuna emateaz 28Uztailak
2016
2016 UztailaK 28 |
Berria
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Bizkai Buru Batzarreko presidente andre Itxaso Atutxak gaur kritikatu du Espainiako alderdi politikoen jarrera, Euzko Alderdi Jeltzaleari leporatu nahi dietelako Espainiako Estatuan E26ko hauteskundeez geroztik gerta daitekeena. "Ematen du Espainian Espainiako alderdiak ados ez jartzearen eta inbestidurarako eta Gobernua eratzeko oinarrizko akordioa ez izatearen erantzukizuna, Euzko Alderdi Jeltzalearena dela" deitoratu du Atutxak. Bilboko Herri Irratiari emaniko elkarrizketan, Bizkaiko jeltzaleen buruak esan duenez talde politiko horiek "gutaz gutxiago kezkatu beharko lirateke eta apur bat gehiago arduratu beharko lirateke beren herriak dituen arazoez, benetan larriak baitira Europatik laguntza txikiak jaso dituzten arren, besteak beste isuna isilpean barkatu izana".

Buru jeltzaleak Euskadi eta Euskadiko erakundeak jarri ditu gobernu on,akordio eta adostasunaren eredu gisa. "Alderdi Sozialistarekin gobernatzen ari gara herri honetako hainbat instituziotan, aldundi eta udaletan; Eusko Legebiltzarrean akordio bat dugu; akordioetara iristen ari gara beste alderdi politiko batzuekin.... bizitzak aurrera darrai. Gaur osteguna da eta osoko bilkura egingo da Eusko Legebiltzarrean. Euskadin gauzak egiten ari dira. Uste dut Espainiako alderdiek Euskadiren eredua ikusi beharko luketela, erakundeetako indarraren eredu baita, alderdien artean akordioetara iritsi ahal izateko abian jarri den oinarrizko negoziaketari esker”.

Euskal Hauteskundeetarako aurreikusten den dataz galdetuta, BBBko presidenteak argi utzi nahi izan du data jartzea Iñigo Urkullu Lehendakariaren ardurapean dagoela eta konbentzituta esan du Lehendakariak euskal hiritargoarentzako datarik komenigarriena aukeratuko duela. "Euskadiko hauteskundeetako data udazken aldean izango da. Lehendakariak udazkenaz hitz egin zuen, orduan beteko direlako legealdi honen lau urteak. Esana betetzen duen gizona da bera. Ziur nago data egokia jartzeko orduan bere helburua izango dela garai lasaia izatea euskal hiritarrok erabakia har dezagun, benetan garrantzia duten gauzei buruz hitz egiterik izan dezagun. Lasai egon behar dugu eta Madriletik iristen ari den zarata horretatik aldendu beharra dugu. Errespetu osoz esaten dut. Hemen gauzak normaltasunez eramaten ari dira, lehenengo eta behin, erakundeek beren erritmoa daramatelako. Onartezina dena da Euskadin kanpaina bat izatea eta Alderdi Sozialistaren barruan dauden baroi,baronesa eta beste jauntxoen arteko barne egoeraz edo egiteko duten Kongresuaz hitz egitea; edo Errejonek Iglesiasek baino gehiago agintzen ote duen; edo Echeniquek kontratu legalak egiten dituen ala ez; edo Mariano Rajoyk erretzen duen,‘As’ irakurtzen duen eta iraila baino lehen hauteskundeak izango ote diren erabakiko ote duen. Euskadiko hauteskundeak gure terminoetan planteatu behar dira. Alderdi bakoitzak egiten dituen proposamenez hitz egiten jarraitu behar dugu. Gai oso garrantzitsuak daude jendeari benetan axola diotenak, bereziki ekonomiari eta enpleguari buruz. Horretaz ari bagara, Euskadin berdin izango da hauteskundeak udazkeneko zein egunetan diren. Gure eztabaida eta gure elkarrizketa politikoa termino horietara eraman behar dugu, Euskadiko egoera ekonomikoaz  eta enpleguaz arduratu behar dugu”.

Interesatu Zaitez