EAJ-PNV izan da Gernikako Batzar Etxean, haritz gaztea landatzeko ekitaldian

Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa, Juan Maria Aburto, Nekane Alonso, Ibone Bengoetxea eta Aitor Esteban izan dira, besteak beste, Gernikako Arbolaren askaziaren biziraupena bermatuko duen landatze ekitaldian

EAJ-PNV izan da Gernikako Batzar Etxean, haritz gaztea landatzeko ekitaldian 02Martxoak
2015
2015 MartxoaK 02 |
Bizkaia

PARTEKATU

Martxoaren 2a egun seinalatua izango da aurrerantzean Bizkaian; gogoratua izango da egun horretan sartutako 15 urteko haretx landareak jarraipena emango diolako mendeetako leinuari. Euskaldunen ikurrik unibertsalena gaztetu egin da, baina izpirituak bere horretan jarraitzen du, sendo. Haretxaren garrantzi historikoa agerian geratu da gaurko ekitaldian, Euskadiko erakunde eta politika-ordezkaritza gorena egon da eta. Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, Ana Madariaga, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria; José Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarburua eta Batzar Nagusietako batzarkideekin batera ekitaldian ere izan dira Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarreko presidentea; Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidente andrea; Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatetzarako hautagaia; Aitor Esteban, Kongresuko Euzko Abertzaleak taldearen bozeramailea; Nekane Alonso, EBBko burukidea, eta Ibone Bengoetxea, Bilboko zinegotzia, besteak beste.

Bertaratu diren guztiok ikusi ahal izan dute zelan bota dituzten lehenengo lur-palakadak haretx-landareari. Horretaz gain, ohiturari jarraituta, kutxa bat lurperatu da landereekin batera, horren barruan eguneko egunkariak, txanpoiak, Arbolearen aurrean erakunde-ordezkariek sinatutako ziurtagiria eta ikurriña bat sartu direlarik.

Ekitaldi xumea eta hitzaldi bakoa, agintariak heldu direnean hasi dena ‘Alkate Soinua’ entzuten zan bitartean. Hori eta gero, Gaudeamus abesbatzak ‘Agur jaunak’ abestu dau. Ostean, ekitaldiaren gidari-lanetan ibili dan Xabier Euskitzek ongi etorria emon deutse bertaratuei, eta barriro ere entzun da abesbatza Mikel Laboaren ‘Baga, biga, higa’ abestian oinarritutako ‘Ikimilimilikik’ kanta abesten. Bertsolari eta txistulariek ere aritu dira 35 minutu eskas iraun duen ekitaldian, euskal askatasunen ikur den Arbolaren inguruan egindako ekitaldian.
 
Beti Jai Alai taldeko zazpi dantzari bikotek dantza egin dute Arbolaren inguruan, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako janzkerekin, ‘Loreak Udan’ abestia entzun aurretik. Harrizko zin egiteko mahaian aginteriek ziurtagiria sinatu ondoren, dantzari bikote batek lokarria jarri dio agiriari eta kutxan sartu, eta horretarako egindako zuloan sartu dute kutxa hori. Lehenengo lur-palakadak botatzen hasi dira agintariak, ‘Gernikako Arbola’ eta ‘Euzko Abendaren Ereserkija’ abestiak entzun diren bitartean.

XXI. mendeko arbola

Teknikariek emandako aholkuei men egin eta Bizkaiko Batzar Nagusiek egun hau aukeratu dute Gernikako Haretx berria -Euskal Herriaren eta euskal askatasunen ikurra- sartzeko ekitaldirako. Aukeratutako landarea XXI. mendean jaiotakoa da -2000. urteko belaunaldikoa da- eta aurreko Haretxaren ezkur batetik ernetakoa da. 2005eko otsailaren 25ean sartu zen Haretxaren anaia da eta 1858. urtean sartu zen haren semea eta, beraz, ‘Haretx Zaharraren’ biloba, gaur egun Batzar Etxeko lorategietan dagoen tenpletean fosilizaturik ikusi daitekeena. Hori baino zaharragoa zanari ‘Aita Haretxa’ eritxen; XIV. mendearen erdialdean sartu zuten eta 450 urte inguru bizi izan zen.

Aukeratu den haretx gazteak Arratian dagoen foru basoan eman ditu azken urteak, ‘quercus robur’ espeziaren landareak osasuntsu hazteko baldintzarik egokienak dituen leku batean. Lehenengo urte bietan Basalan foru enpresak Bilbotik hur daukan mintegian egon zen ondo zainduta. Leku horretan urtero Gernikako Haretxaren 400 ezkur inguru hazten dira. Hamabost urte zainduta eta kalidade kontrol estuak izanda egon ostean, 4 metroko garaiera hartu du Foru Uribildura eraman den zuhaitza.

Interesatu Zaitez