EAJ-PNV-k eta PSE-EE-k akordio programatikoa izenpetu dute Bizkaian gobernu egonkor eta sendoa osatzeko

Talde politiko biek Foru Aldundian koalizio gobernua osatuko dute eta orain arteko sail kopuruari eutsiz, zortzi departamentu eratuko dituzte. Organigrama bera eta arlo ezberdinak zuzenduko dituzten diputatuen izenak asteazkenean emango dira ezagutzera, uztailak 1, Bizkaiko Ahaldun Nagusi berria bere karguaz jabetuko den osoko bilkuraren ostean.

EAJ-PNV-k eta PSE-EE-k akordio programatikoa izenpetu dute Bizkaian gobernu egonkor eta sendoa osatzeko 26Ekaina 26 |
Bizkaia

PARTEKATU

Bizkaiko EAJ-PNV eta PSE-EE Alberdi politikoek 2015-2019 legegintzaldian Bizkaiko Foru Aldundiaren egonkortasuna eta gobernagarritasuna bermatzeko akordioa izenpetu dute.

Azken asteotan, EAJ-PNV-ren eta PSE-EE-ren Bizkaiko Exekutibek hainbatetan elkartu dira herrialde mailako akordioa adoste aldera, bakoitzaren hauteskunde egitasmoetan jasotako proposamenetan oinarrituta.

Bizkaiko hiritarren beharren eta arazoen azterketa partekatua egin ondoren, talde biek Bizkaiko Foru Aldundian Koalizio Gobernua osatzeko akordioa itxi dute eta,orain arte bezala, foru gobernua 8 sail edo foru-departamentuz osatuko da. Hurrengo egunotan eta, egitasmoari buruzko akordio hau lortutakoan, alderdi bien ordezkariak beste batzarretan elkartuko dira Foru Gobernu berriaren organigrama adostea helburu. Bizkaiko Ahaldun Nagusia izango da,bere karguaz jabeturik, foru gobernuaren behin betiko egitura ezagutzera emango duena, datorren asteazkenean, uztailak 1, Gernikako Batzar Etxean karguaz jabetzeko egingo den bilkura bukatutakoan.

Alderdi biek adierazi dute hurrengo urteak berebizikoak izango direla Bizkaiko gizartearentzat eta herrialde osoaren etorkizunerako. Hori dela eta, bakoitzaren jarrera eta pentsamolde ideologikoei uko egin gabe, beharrezko jo izan dute Bizkaian ere akordio anitzaren formula eta elkarrizketa eta konpromiso partekatuaren bidea berreskuratzea, erantzukizun politikoan oinarri harturik aldi berriari atea zabaltzeko.

Onartutako agiriak hurrengo legegintzaldirako ezarri diren lehentasun eta helburuen azterketa programatikoa jasotzen du, eta helburuak honako printzipio nagusietan oinarritzen dira: enplegu berriak sortzea, suspertze ekonomikoa, zerbitzu publikoei eustea eta krisialdi hau gogorren sufritzen ari direnekiko behar den solidariotasuna bermatzea. Talde bien artean onartu den testu honek sei ardatz ukaezin eta partekatu ezartzen ditu, eta horietan jasotzen dira ekonomia berrabiatzeko eta enplegua suspertzeko neurriak, berdintasuna sustatzeko eta zerbitzu publikoei eusteko neurriak, fiskalitateari buruzkoak, erakunde publikoen gardentasuna, eraginkortasuna eta hurbiltasuna, eskualdeen garapena eta mugikortasun jasangarria eta iraunkorra bermatzeko neurriak.

Interesatu Zaitez