EAJ-PNVko EBBren komunikatua Nizako atentatua dela eta

Atzo Nizan erregistratu zen sarraskiaren aurrean, EAJ-PNVk honakoa adierazi nahi du:

EAJ-PNVko EBBren komunikatua Nizako atentatua dela eta 15Uztailak
2016
2016 UztailaK 15 |
EBB

PARTEKATU

1) Gure gaitzespenik sendoena atzo Nizan erregistratu zen ekintza terrorista anker eta bereizi gabearen aurrean, gutxienez 84 pertsona errugabeen bizia eraman duena, hauen artean, ume txiki askorena. Ez dago helbururik, ez dago kausarik, ez dago federik indarkeria justifikatuko dutenik, dela yihadista edo beste edozein jatorrikoa. Hala erakutsi izan du Historiak aldi ezberdinetan. Euskal hiritarrok ere bagara egiaztapen horren lekuko.

2) Gure solidariotasuna eta elkartasun osoa biktimen senide, lagun eta ingurukoei eta Frantziar herri osoarekin, atzo jai eguna sarraski ankerrarekin amaitzen zela ikusi baitzuten.

3) Europar Batasuna, azken urte hauetan, eraso terroristen eszenatoki izan da, eta mundu mailan europarrok bake, askatasun eta demokrazia erreferente egin gaituen baloreak indartu eta aldeztu behar ditu. Halako basakeriek eragiten diguten minaren eta amorruaren gainetik ere, gure sinesmenak eta usteak indartu behar ditugu, eta indartzen ditugu, eta halako terrore ekintzen aurrean erantzun bat eta bakarra dagoela adierazten dugu: demokrazia indartsuagoa, bake sendoagoa eta askatasun zabalagoa.

4) Argi daukagu oso zaila dela halako ekintza suizida eta bereizi gabeen egileak antzemateko, atxilotzeko eta indargabetzeko lana, eta Europako agintariei eskatzen diegu Batasuna osatzen duten Estatu eta erregio guztietan halako talde eta pertsonak ikertzeko lanak indartzea. Halaber, legearen pisu osoa erori beharko da hurkoak erailtzeko eta hiltzeko prest dauden guztien gainean.

5) Beharrezko dugu segurtasun alorretik ere erantzun bat ematea, baina horrek ezin du inola ere gainditu legeei zor zaien errespeturik zorrotzena eta, bereziki, emakume eta gizon guztiok ditugun eskubideei dagokienez. Zentzu honetan, EAJ-PNVk euskal gizartea deitzen du gizarte talde zehatz batzuk seinalatzeko edo gertakari honen errua leporatzeko tentaldian eror ez dadin, basakeria honen errudun izatetik urrun egonda ere, beraiek baitira zentzugabekeria honen kalteturik nagusienak. Gizarte bidezkoagoa, integratuagoa, gardenagoaren alde egitea, arrazakeria eta xenofobiarik gabeko gizartea eraikitzeko lana da bakearen eta askatasunaren alde egitea. Lan hori gu guztion eginkizuna eta ardura da, pertsonena zein botere publiko guztiena.

6) Amorru eta harridura une hauetan, komenigarria da gogoratzea euskal hiritargoaren gehiengoa, europar emakume eta gizon gehienak fanatismoaren eta indarkeriaren aurrean bakea, askatasuna, demokrazia, hitza eta bizikidetza jartzeko prest gaudela. Azken finean, ankerkeria hau irmotasun osoz borrokatzeko prest gaude, baina beti gizatasuna eta humanismoa oinarri hartuta.

 

Interesatu Zaitez