Ortuzarrek EAJ-PNVren babesa adierazi dio Urkullu Lehendakariari, Euskadik "denon artean eraiki dugun nazio solidarioa izaten jarrai dezan"

Iñigo Urkullu Lehendakariak Lehendakaritzan hartu du EAJ-PNVren EBBren presidente Andoni Ortuzar, Politika Orokorrari buruzko eztabaidan sorrera izan duen alderdien arteko elkarrizketa errondari amaiera emateko egin den elkarrizketan.

Ortuzarrek EAJ-PNVren babesa adierazi dio Urkullu Lehendakariari, Euskadik 20Urriak
2014
2014 UrriaK 20 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Iñigo Urkullu Lehendakariak Lehendakaritzan hartu du gaur goizean EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzar, Politika Orokorrari buruzko eztabaidan sorrera izan duen alderdien arteko elkarrizketa errondari amaiera emateko egin den elkarrizketan. Topaketa erronda honen helburua izan da gizarte politiken bideragarritasunaren adostasuna berrestea eta berrindartzea. Batzarra amaitutakoan, Ortuzarrek komunikabideek eginiko galderei erantzun die. "Guretzat garrantzitsua da gaurkoa moduko une zailean, nahi genukeena baino denbora luzeagorako etorri zaigun krisi ekonomikoaren erdian, eta gure gizartean zauriak zabalik uzten ari den eta hainbat eta hainbat herritar kaltetzen ari den egoeran; garrantzitsua da Euskadik denon artean egin dugun nazio solidarioa izaten jarraitzea, krisiak kolpatu dituen pertsonek jakin dezatela krisitik ateratzen laguntzeko dagoen sarea dagoela. Jakin badakigu une honetan, eta krisi horregatik,hain zuzen, esparru publikoko aurrekontuetan dauden baliabide ekonomikoak urriak direla eta ondo banatu behar direla. Eta, hori da gaurkoan egin dugun azterketa. Lehendakariak azaldu egin dizkit gainerako alderdiekin eginiko bilerak. Hurrengo hilabeteotan denok izango dugu gure jarrera politikoa erakusteko aukera, ekintzen bidez egin beharko dugu,erakunde ezberdinetan egingo diren bozketen bidez. Hor ikusiko da denok politika sozialen jasangarritasunaren alde gauden, hain harro gauden, euskal eredu sozial horren alde gauden eta etorkizunean mantentzea nahi ote dugun".

Ortuzarri galdetu diote hain gai delikatuaren inguruan Euskadiko PP alderdia plazaratzen ari den diskurtsoaz, eta bereziki Javier Maroto Vitoria-Gasteizeko alkatea egiten ari denaz " Nik uste dut Maroto alkatearen jarreraren atzean elektoralismo hutsa dagoela, eta horregatik uste dut alderdien aldetik ez genukeela "usain" elektoralista izan dezaketen proposamenen bidez erantzun behar. Ez dut uste udal hauteskundeak igaro arte itxaron behar dugunik. Marotori arreta emateari utzi behar diogu, beraren inguruan berba egiteari utzi behar diogu , hori baita berak nahi duena, eskubete boto lortzearren egiten du. Guk egin behar duguna da "ezetz " esatea. Eta kito. Laguntasun sozialen sistema dago. Denok gaude hori hobetzeko prest, aztertu behar dena aztertzeko, baina oinarrizko gauza batzuk daude ukaezinak direnak, gutxienez EAJrentzat. Eta Marotok hor nahi du labana sartu eta anestesiarik gabe ebaki . Eta guk ez dugu halakorik nahi. Eta, egingo duguna da berari "ezetz " esatea. Ez gaude ados gai hau egun batean eta bestean "bolo bolo" mantentzeko erabili duen metodoarekin. Legebiltzarkide batek soberan ditu tresnak, eta ez du Herri Ekimen Legegilea erabili behar, tresna hori Legebiltzarrean esertzen ez diren gizarte taldeentzat egina delako. Ez gara hurrengo hauteskundeen zain egongo : oraintxe bertan esango diogu,gaia zenbat eta lehenago moztu, orduan eta hobeto".

Jeltzaleen buruari ETAk armak utzi zitueneko hirugarren urteurrenaz eta Bake Ponentzia berrabiatzeko negoziaketen egoeraz galdetu diote. "EAJk denbora darama lan egiten Bake Ponentziak berriro funtziona dezan, tresna ona baita herri honek gizarte osasuntsuagoa eta hobea eraiki dezan. Gu ez gara gai honetako eragilerik nagusiena. Bildu dago hor, eta norabide horretan urratsak ematen hasteko prest dagoela esan du; eta PSE dago ponentziatik irten zena, eta gure ustez bere jokaera hobeto pentsatu beharko lukeena. Guk lan egiten jarraituko dugu, batzuengandik eta besteengandik hurbil, helburu hori bete dadin. Gauzak martxan daude, ikusiko dugu ondo irteten diren . Oso adierazpen sendoak egin dira. Bilduk eta Sortuk iragarri duten urratsaren zain gaude". ETAren bortxakeriaren amaieraren hirugarren urteurrenari dagokionez, Ortuzarrek zera adierazi du:" Lehendakariaren eskutitzak gure balantzea laburbiltzen du, hiru urteotako poza, urratsak ematen jarraitzeko ditugun gogoak eta hainbat eta lasterren 50 urteko istorio honen amaiera ikusteko dugun itxaropena. Lehendakariak ez ditu ezkutatu gaur egun prozesua mehatxatzen dituzten zailtasunak eta gelditasunak . Neure egiten ditut Lehendakariaren hitzak: Gizarteak alderdiek baino gehiago aurreratu dute gai honetan. Alderdiok, bakoitzak bere ardurarekin eta bere ahalmenarekin, urratsak ematen segitu behar dugu gatazka gainditzen jarraitzeko. Armagabetzea aurten beharko litzateke. ETAren huts egite larria litzateke, beste bat, armagabetzearekin salerosketan aritzea eta alderdikerietarako erabiltzea. ETAri exijitzen diogu armagabetzea lehenbailehen gertatzea. Eta Espainiako Gobernuari, ETAren maila berean jarri barik , beti eskatu diogu adorea eta demokrazia. Adorea, luzaro itxaron izan dugun momentua delako eta Mirandatik hegoaldera botoak galtzeko izan duen beldurragatik itxikerian eta urratsak emateko beldurrean kikilduta geratu delako. Eta demokrazia, guk Espainiar Gobernuari ez diogulako legeak okertzea edo behar ez bezala aplikatzea eskatzen. Eskatzen dioguna da Legearen salbuespenezko aplikazioa eta Zigor Kodearen aplikazio normalera bueltatzea".

Interesatu Zaitez