Ramiro Gonzálezek hitzeman du Araba krisitik ateratzeko industriari lagunduko dion plan bat abiaraziko duela

Araban enpresa berriak ezartzeko eta gaur egun daudenak zabaltzeko motorra izango da Plan hori.

Ramiro González 24Apirilak
2015
2015 ApirilaK 24 |
Araba

PARTEKATU

Eusko Alderdi Jeltzaleak gaur aurkeztu ditu industriari lotutako proposamenak. Ramiro Gonzálezek, Arabako diputatu nagusia izateko hautagaiak, azpimarratu du Araba egoera kezkagarrian dagoela eta horregatik direla ekonomia eta enplegua EAJ-PNVren ardura nagusia. 

Araba EAEko hiru lurraldeetako industrialena da, portzentajeak aintzat hartuz gero, baina gaur egun datuak ez dira onak. Azken urtean, lurralde honetako industri ekoizpenaren indizeak %5 egin du behera; Gipuzkoan eta Bizkaian, ordea, %1,2 eta %0,7 bakarrik jaitsi da indize hori, hurrenez hurren. Langabeziaren datuak ere ez dira onak Araban; urte batetik bestera -%2,95 jaitsi da inskribatutako langabetuen kopurua. Soilik Huelvak eta Jaének izan dituzte datu txarragoak. “Hori da gure errealitatea, hori da Arabako errealitatea. Eta horrela da Alderdi Popularra lau urte egon delako Aldundian ezer egin gabe. Alderdi Popularra lau urte egon delako beste alde batera begira. Javier De Andrés krisia berez amaitzearen zain egon delako gertatu da” Ramiro Gonzálezen esanetan. 

Hautagai jeltzaleak gogoratu du industrializazio prozesua berandu heldu zela Arabara, baina hala ere gogor garatu zela aurreko mendearen bigarren erditik aurrera. Eta hiru elementu izan ziren horren eragileak: Lehenengoa, Arabaren kokalekua eta lurzoru ugaria; herrialdeko beste gune batzuetan lurzoru askoz gutxiago zegoen. Bigarrena, prestakuntzaren eta bereziki lanbide heziketaren aldeko apustua. Horri esker enpresek langile prestatuak izan zituzten eta, gainera, berariaz Gasteizera heldu ziren milaka pertsonak laneratzen eta gizarteratzen lagundu zen. Eta hirugarrena, enpresaburuen ekimenaren sustapena. 

Hiru elementu horien bidez industria, denbora laburrean, Arabako ekonomiaren funtsezko elementu bilakatu zen.

Ramiro Gonzálezek hauxe adierazi du: “Gaur egungo egoera dela eta, Araban lehentasuna eman behar zaio krisi ekonomikoaren kontra borrokatzeari eta gure lurraldean enplegua sortzeari. Araban industria bultzatzeko unea da, eta horretarako, aurreko mendean erabili ziren elementu berberak aprobetxatzea proposatzen dugu: lurzoru ugaria, lanbide heziketa eta enpresen ekimenaren sustapena. Baina oraingoan XXI. mendera egokituta dagoen ikuspegitik”. 

Arabako industri sarea bultzatzeko eta krisiaren aurka borrokatzeko helburua betetzeko asmoz, hautagai jeltzaleak Industriari Laguntzeko Plan bat aurkeztu du gaur goizean. Plana Araban enpresa berriak ezartzeko eta hemen daudenak zabaltzeko motorra izango da; eta EAJ-PNV alderdiak maiatzaren 24an Arabako Foru Aldundiaren buru izatea lortzen badu bultzatuko dituen ekimen zehatzak jasotzen ditu dekalogo baten barruan.

Hautagai jeltzaleak, amaitzeko, konpromiso irmo hau hartu du: “Arabara enpresa berriak erakartzeko eta orain daudenen jarduera hobetzeko Plan bat jarriko du martxan. Lau urteko paralisiaren ondoren, gure lurraldeak aldaketa behar du eta hori EAJ-PNV alderdiak bakarrik egin dezake”.

Interesatu Zaitez