Urkullu: “Harro gaude Euskadiz, baina oraindik ez gaude konforme: enplegu gehiago eta hobeak lortzea eta %10etik beherako langabezia tasara iristea da gure erronka”

Lehendakariak kurtso politikoari eman dio hasiera Zarautzen. Ortuzarrek argi eta sendo esan du abuztuaren 26an Rajoyri ‘Ezetza‘ emango dion EAJk ‘Ezetza‘ emango diola irailaren 26an.

Urkullu: “Harro gaude Euskadiz, baina  oraindik ez gaude konforme: enplegu gehiago eta hobeak lortzea eta %10etik beherako langabezia tasara iristea da gure erronka” 26Abuztuak
2016
2016 AbuztuaK 26 |
Berria
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Harro gaude elkarrekin eraikitzen ari garen Herriaz. Harro gaude Euskadiz, harro gaude euskal gizarteaz. Baina, arazoak eta beharrak ditugu, jakin badakigu zein diren eta ezin gara konforme geratu krisialdian galdutako enplegu guztiak berreskuratzen ez ditugun bitartean. Aurrera egiten segitu behar dugu. Bide luzea daukagu egiteko, baina  gaur jakin badakigu gizarte honen erronka handia lortzerik badugula: langabezia % 10etik behera jartzea. Hori lortzeko moduan gaude eta, elkarrekin lan eginez, lortu egingo dugu. Euskadi ezagutzen duenak, Euzko Alderdi Jeltzaleak ezagutzen duenak, jakin badaki ezin garela konforme egon. Ez gara konformatuko, aurrera egiten segituko dugu, hazten, enplegu gehiago eta hobeak sortzen”. Horixe izan da Iñigo Urkulluk Lehendakari eta EAJ-PNVren hautagaiak, kurtso politikoari hasiera emateko orduan, EAJ-PNVk  gaur Zarauzko malekoian egin duen ekitaldian batu diren 500 pertsonei helarazi nahi izan dien mezu nagusia. Mitin berean hitz egin dute Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak; Joseba Egibarrek, Gipuzko Buru Batzarraren presidenteak; eta Jokin Landak , Zarauzko Uri Buru Batzarraren presidenteak. Bestalde, bertaratuen artean izan dira Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Donostiako  eta Vitoria-Gasteizko alkate Eneko Goia eta Gorka Urtaran, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Bizkaiko zerrendaburu Josu Erkoreka; eta EAJ-PNVren beste hainbat herri kargudun eta barne kargudun. Lehenago,eguerdi aldean, Getarian, Euzkadi Buru Batzarrak, kurtso politiko honen lehen bilera egin du.

Hitzaldiari hasiera emateko orduan, Urkulluk “ilusioz beteta” aurkeztu du bere burua Euskadiko hauteskundeetarako hilabete bat falta dela. Bere esanetan, ilusio hori  Eusko Jaurlaritzaren azken lau urteotan  “lortu ditugun emaitzetan” oinarritzen da, eta horren adibide batzuk eman ditu. “ Euskadin defizit eta zor helburuak betetzen dira, hiru eurotik bi gastu sozialera bideratzen ditugu; Hezkuntza eta Osasunerako baliabide gehien jartzen dituen erkideetako bat gara; ekonomia produktiboa babesten dugu eta  honek irtenbide praktikoak eskaintzen dizkie ontzigintzari, automozio sektoreari, aeronautikari, linea zuriari, makina erremintaren sektoreari eta orain ate berria zabalduko dio siderurgiari; Bake eta Bizikidetzaren 18 ekimen bete dira eta Gogora Institutua sortu da; eta akordioetara iritsi gara denekin: zergen erreformarako eta iruzurraren kontrako borrokarako akordioa; suspertze ekonomikorako eta enplegurako akordioa, aurrekontuei buruzko akordioak, akordioa Nafarroarekin, akordioa EUDEL erakundearekin eta Udal Legearen inguruan, akordioa hiruko elkarrizketa sozialean. Lantaldean aritu izan gara  eta emaitzak hor daude” azaldu du Urkulluk. Lehendakariak , era berean, EAJ-PNVk azken lau urteotan Eusko Jaurlaritzan egin duen lanaz oso ondo hitz egiten duten adierazle batzuk aipatu ditu. “Euskadi  munduko zortzigarren Herrialdea da giza garapena neurtzen duen adierazleari dagokionez: hezkuntza, osasuna eta bizitza kalitatea; gure txirotasun arriskua Europako bataz bestekoaren zazpi puntu beherago dago; Euskadik esportazioen errekor historikoa gainditu du azken hiru urteotan; gure ekonomia jarraian hazi da  azken 10 hiruhilekoetan; enplegua sortu dugu 2013ko martxotik hona; berrikuntzan egiten dugun inbertsioa Europako bataz bestekoaren gainetik dago; gure eskola porrota Europako bataz bestekoaren azpitik dago azken hiru urtetik hona; gure per capita gastu soziala  Europako herrialde aurreratuenen mailan dago eta Estatukoa baino % 35 altuagoa da; 2015ean lehen aldiz hiru milioi bisitarien kopurua gainditu genuen eta urte honetan ere lortuko dugu…”. Horregatik guztiagatik, Urkulluk zera baieztatu du “harro gaude elkarrekin eraikitzen ari garen herriaz” baina era berean aitortu duenez “arazoak eta beharrak ditugu eta ezagutzen ditugu” eta hurrengo legealdirako erronka aipatu du “enplegu gehiago eta hobeak  eta %10etik beherako langabezia”.

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, diskurtsoaren zati handia dedikatu du Espainiako egoera politiko ezin okerrari buruz hitz egitera. Gainbehera honek, zoritxarrez, euskal gizartea ere kaltetzen du. Eta batzuek, lotsagabeki eta inolako oinarririk gabe, EAJ-PNVri egotzi nahi diote zentzugabekeria honen errua. “Guk halakorik  bilatu ez arren eta nahi ez arren, bakoitzak dagozkion erantzukizunei uko egiten dien dinamikan sartzen jarraitzen gaituzte eta guri ez dagozkigun erabakiak egotzi nahi dizkigute. Argi eta garbi esango dut, itzulinguruka aritu gabe, ea EAJk egiten duena edo egingo duena asmatzen dabiltzan buru bero horiek zorakeria asmatzaile horretatik irteten diren. Gaur, abuztuaren 26an, EAJk ‘Ez eta Ez’ esan nahi dio Rajoyren inbestidurari. Eta, irailaren 26an ere, EAJk ‘Ez eta Ez’  esango die Rajoyri eta Alderdi Popularrari. Ez gaur ezta irailaren 26an ere, EAJk ez ditu Rajoy edo PP babestuko Espainia Ciudadanosekin batera goberna dezaten. Argi dago? Gai honetan ere ‘ez, ezetz da’”, esan du Ortuzarrek   Euskadiko Hauteskundeak amaitutakoan EAJ PPrekin hitzartzeko prest egongo dela esan dutenei erantzuteko. Jeltzaleen buruak hipotesi hori sendotasun osoz eta argudio argiekin baztertu du. “Uste al dute horiek  egun batetik bestera PPren azken lau urteak ahaztuko ditugula? Zapaltze urteak, birzentralizazio eta errekurtsoen urteak ahaztuko ditugula?. Bazterrean utzi gaituzte, eraso egin digute, beraien menpeko  jarri nahi izan gaituzte. Orain esaten dute Euskadiko Hauteskundeetako emaitzen arabera, gure botoa aldatuko dugula eta Rajoyri babesa emango diogula. Lehenengo eta behin: Espainian, PPrekin eta Ciudadanosekin ez dugu jaraunspena jasotzera ere  joan nahi. Eta bigarrenik: Euskadin, PPk ez du indarrik izango. Orain arte bezala. Zergatik? Ez EAJk halakorik esaten duelako, hiritargoak dagokien lekua emango dielako,  beraiei dagokiena”.

Minutu batzuk lehenago, Urkulluk Espainiako politikaren egoerari buruz hitz egin du. “Agintea PPren gehiengo absolutuaren eskuetan egon den legealdi hau kaltegarria izan da Euskal Autogobernuarentzat, eta ez da kasualitate bat izan. Gure Autogobernuaren ahalmen politikoa ahultzea bilatzen duen estrategia baten fruitua izan da. Orain, PP eta Ciudadanos elkartzera doaz eta okerrena espero dugu. Ciudadanosek auzitan jarri du Ekonomia Ituna, uko egiten dio alderdi abertzaleekin hitz egiteari; LOMCE legeari, lan erreformari eta kopagoari eutsi nahi die, kontratu bakarra inposatu nahi du, hauteskunde legea aldarazi nahi du eta  indarra kendu nahi die talde abertzaleei eta, gainera, PPri proposatu dio Estatua Autonomien kontra blindatzea… Hori guztia da PP-Ciudadanos akordioa: iraganera bueltatzea, zentralismorako jauzia.Hori da PP-Ciudadanos akordioa. Galdera hurrengoa da: Nola norbaitek, ekintza edo omisioz, saiakerak egin ditzake Euzko Alderdi Jeltzalea honen alde egin dezan?. Ezinezkoa da. Hilabete barru erantzun sendoa emateko aukera izango dugu. Euskadiren interesen defentsaren aldeko deia egin nahi dugu Euskal autogobernua deuseztatu nahi dutenen  aurrean. Euskal agendaren aldeko defentsa egiteko deia egin nahi dugu: Autogobernu maila handiagoa, ongizate sendoagoa, bizikidetza maila handiagoa eta etorkizun politiko berria” esan du Lehendakariak.

EAJren legebiltzar-taldeko bozeramaleak, Joseba Egibarrek, galdera batez hasi du bere mintzaldia: “Zer datorkigu Espainiatik?”. “Argi dago Madrildik ez datorkigula ezer onik, ez guri, ezta katalanei ere”, ondorioztatu du. Ildo horretan, azaldu du alderdi espainiarrak –ez direnak gai gobernua osatzeko ezer ere adosteko- “gauza bakarrerako jartzen direla ados: beren lurraldetasuna eta naziotasuna defendatzeko”. “Katalanei aurre egiteko, euren bidean trabak jartzeko, debekatzeko, horretarako jarriko dira ados PP, PSOE, Ciudadanos, eta baita bere moduan Podemos ere”, nabarmendu du, “eta beste horrenbeste Euskadiri dagokionez”. “Sakoneko gai horietan denak bat datoz, espainiarrak dira”, gaineratu du.

Puntu horretan, GBBko presidenteak nabarmendu du EAJ “ez zela espainiar politika konpontzeko jaio; euskal estatu propioa, gurea sortzeko baizik”. “Eta horretarako ezinbestekoa da estatu-egiturak eraikitzen eta sortzen jarraitzea, ez baitituzte ez zozketatzen, ez oparitzen. Herritarren eskutik, politikarien eskutik eta erakundeen eskutik lortzen dira. Eta hauteskunde hauek aukera paregabea eskaintzen dute horretarako”, azpimarratu du.

Bere hizketaldian, Joseba Egibar Arnaldo Otegiren balizko inhabilitazioaz ere jardun da. “Otegik eskubide osoa du hautagai izateko eta Lehendakaritzarako aurkezteko” eta “ez zuen espetxean egon behar izan”, adierazi ondoren, berretsi du EAJk beti salatu duela “hori injustua izan zela”. “Guk esan beharrekoa esan genuen eta ezker abertzaleak inork baino hobeto daki hori”, esan du.

Jarraian adierazi du “inhabilitazioa ez dela egoera arrotza, ezezaguna ezer abertzalearentzat”. Eta, zehazki, zehaztu du “legegintzaldia amaitu baino lehen Hasier Arraizek berak, Sortuko presidenteak, Fiskaltzarekin akordioa adostu zuela –ez inposatu izateagatik- eta inhabilitazioa onartu zuela, horregatik laga zuen Legebiltzarra”. Ezker abertzaleko 35 buruzagiak ere aipatu ditu, “kartzelan sartzea ekiditeko bataz beste bi urteko inhabilitazio-akordiora iritsi zirenak, 70 urteko inhabilitazioa”.

“Inhabilitazioa ez da formula ezezaguna ezer abertzalearentzat, eurek jakin badakite zertan mugitu diren denbora luzez; eta duela gutxi Sortuko batek esan zidan bezala, ‘Joseba, espainiarrek ez dute erremediorik, kanpaina doan egingo digute”, ondorioztatu du, “ba esan eta egin”. “Argi dago PP eta justiziako bitarteko horiek kontrolatzen dituztenak iraganeko kodeak aplikatzen ari direla, iraganeko jarrerekin eta seguraski iraganekoak diren erabakiekin, konstituzionalak sorpresa bat ematen ez baldin badu, bederen”, adierazi du.

Kontestu horretan “gu geurera”, adierazi du. Eta defendatu egin du “gure programa” detailez azaldu beharra. Progama horren ardatza ondorengoa da: “nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon bereko bi aldeak dira”. “Ezin dugu gure nazio-eraikuntzarako estrategia gauzatu, soziala ahaztuta, eta alderantziz. Izan ere, erabakitzeko eskubidea egikaritzea eta gizarte justuagoa eraikitzea estuki lotuta daude”, amaitu du. 

Interesatu Zaitez