Urkulluk autogobernu ekonomiko eta politikoa defendatu du, garapenerako eta ongizaterako bitartekoa denez, Mexikoko foro ekonomiko handienaren aurrean

Iñigo Urkullu lehendakariak, bidaia ofizialeko bigarren egunean, Latinoamerika osoko Mexikoko ekonomia- eta negozio-foro handiena den Mexico Business Summit 2014 – MBS-en parte hartu du.

Urkulluk autogobernu ekonomiko eta politikoa defendatu du, garapenerako eta ongizaterako bitartekoa denez, Mexikoko foro ekonomiko handienaren aurrean 29Urriak
2014
2014 UrriaK 29 |
Berria

PARTEKATU

Iñigo Urkullu lehendakariak, bidaia ofizialeko bigarren egunean, Latinoamerika osoko Mexikoko ekonomia- eta negozio-foro handiena den Mexico Business Summit 2014 – MBS-en parte hartu du, munduko mila bat lider politiko, enpresarial eta ekonomiko gehiagorekin. Lehendakariak Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentearekin batera bazkaldu du topaketa nagusian. Bertan, bi agintariek solasaldia izateko aukera izan dute.

Bere hitzaldian, lehendakariak Euskadiren errealitatea azaldu, eta azpimarratu du euskal autogobernu politiko eta ekonomikoa dela Herrialdearen garapenaren gakoa. Urkullu lehendakariarentzat autogobernua eta garapena sinonimoak dira eta bide horretan aurrera egitea du xede. Bide hori, bere iritzian, berdintasunean eta mendekotasun ezean oinarritu behar da, Estatuko administrazioa eta euskal administrazioa negoziatzera eta akordioetara iristera «behartuta» daudela.

Subsidiariotasuna, autogobernua eta aldebikotasun eraginkorra dira nabarmendu dituen kontzeptuak. Subsidiariotasunari dagokionez, Urkulluk beharrezkoa ikusten du maila anitzeko gobernantzaren bidean, Mexiko ere egiten ari den horretan, urratsak ematea; izan ere, «kudeaketa eraginkorrena herritarrengandik hurbilen dagoena da».

Maila desberdin horiei dagokienez, lehendakariak azaldu du Espainiako Estatuko autonomia-erkidego guztiak ez direla berdinak. Hala, nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoak duela 35 urte eskuratu zuela Autonomia Estatutua, Eskubide Historikoak berreskuratuz. Lehendakariak adierazi duenez, autogobernu horri esker garatu ahal izan du Euskadik bere politika ekonomikoa, Euskadi herrialde industrial bihurtuz; industria BPGren % 25 da, Europako batez bestekotik gora. Egun, BPGren % 2,12 bideratzen da berrikuntzara Euskadin eta enpresei nazioartekotzen laguntzen zaie; esaterako, Mexiko da euskal inbertsioen bigarren norakoa.

Lehendakariak nabarmendu duenez, zenbat eta autogobernu gehiago, orduan eta ongizate handiagoa. Hala, autogobernuaren zutabeetako hiru azpimarratu ditu: baldintza etikoa, gardentasunari eta herritarren partaidetzari lotua; baldintza ekonomikoa, finantza- eta zerga-autonomiako sistema itunduaren alde eginez; eta baldintza soziala, dinamismo ekonomikoa eta oreka soziala xede dituen eredua.

Azkenik, lehendakariak agenda ofiziala betetzen jarraituko du Mexikon gaur, asteazkena. Hala, azteken herrialdean diharduten 80 inguru euskal enpresekin bilduko da, Colegio de las Vizcaínas bisitatuko du eta Mexikoko Errepublikako Gobernuaren Energia idazkari Joaquin Codwellekin bilduko da.

Interesatu Zaitez