Egibar: “Neurriak herri gisa hartu behar ditugu, baita ikuspuntu ekonomikotik begiratuta ere”

Bozeramaile jeltzalea ziur agertu da, euskaldunok “errealitate propioa osatuko bagenu bezala jokatzen hasteko” unea iritsi dela iritzita. “Espainiak ez du etorkizunik, ez du konponbiderik izango urte edo hamarkadetan, eta guk geuk ere ez dugu izango Espainiaren eskemaren barruan jarraitzen dugun bitartean"; hortaz, ohartarazi duenez, "errealitate propioa osatuko bagenu bezala pentsatzeaz gain, halaxe balitz bezala jokatu behar dugu”.
Horren haritik, “neurri zehatzak hartzearen” alde agertu da, betiere “herri ikuspegitik eta gure errealitatea sakon aztertu ondoren”. “Herri honi esan behar diogu egoera oso larria den arren, etorkizuna badugula; baina itxaropen hori lantzeko konpromisoak funtsezkoak izango dira, baita konpromiso pertsonalak ere”.
Gaineratu duenez, “orain Espainia erreskatatzeaz hitz egiten dute, eta norbait erreskatatu behar denean itotzeko arriskuan dagoelako da”; ondoren nabarmendu du EAE “toki arriskutsuan dagoela, Espainiaren egoera ekonomiko kaskarrak kalte egiten digulako”. “Horregatik, erakundeetatik hartu beharreko neurriak herri gisa hartu behar ditugula uste dut, orain hartuko diren erabakiek garrantzi izugarria izango baitute datozen urteetan; krisi hau erabat bestelakoa da, eta urrats egokiak ematen ez baditugu luze jo dezake”.
Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketa berean Egibarrek nabarmendu duenez, “krisi egoera honetan alderdi politiko guztiek geure proiektuak eta konpromisoak aurkeztu behar ditugu". “Baita ikuspegi ekonomikotik ere (hori baita lehentasuna une honetan), geuk, EAJk, Euskal Herri gisa hartu beharreko neurriak jarriko ditugu mahai gainean, akordio zabal eta irekia beharrezkoa dela benetan pentsatzen dugulako”. “Gutxieneko oinarriak adostu behar ditugu Euskadik, etorkizun politikoa izateaz gain, etorkizun ekonomikoa eta soziala ere izan ditzan, eta hala, gutxieneko horiekin, guztiok elkarrekin, gizarte orekatua eraiki eta aurrera egin dezagun” gehitu du. “EAJ proiektu horrekin aurkeztuko da hauteskundeetan” aurreratu du, “herri honengan sinesten duelako, beti sinetsi duen bezala”. Horrez gain, zehaztu duenez, “lortu dugun tokia lortu dugu, eta une honetan, krisi ekonomikoan egon arren, leiho berriak zabaltzeko aukera dugu, hain zuzen ere azken hamarkadetan herria honaino ekarri dugulako”.
Beste alderdi politiko batzuekin akordioak lortzeari dagokionez, argi utzi du “EAJ ez dagoela edozeinekin gobernatzeko prest; aitzitik, herri honen etorkizun politikoarekin, ekonomikoarekin eta sozialarekin konpromisoa hartuko duenarekin baino ez du gobernatuko EAJk”. “Ez da sigla kontua; hemen programa eta konpromiso zehatzak behar ditugu” zehaztu du, “eta ikusiko dugu nor gerturatzen den gure proiektura, hemen ametsetan aritu den jende asko egon delako, baina ametsak baztertuta, bizi dugun errealitate latza ikusita, ematen diren urratsak eta bakoitzak hartu nahi dituen konpromisok ikusi behar dira”. Bukatzeko, ondorioztatu duenez, “beharbada hauteskunde aurreko unea ez da egokiena honi buruz hitz egiteko, baina herritarrei egia esan behar zaie, eta egia esateko unea heldu bada, guk, EAJk, esan nahi diegu gutxieneko horiek lortu nahi ditugula”.
Nota de Prensa
22/05/2013
Noticias
Buenas prácticas 22/05/2013
Nota de Prensa
22/05/2013
Nota de Prensa
22/05/2013
Nota de Prensa
22/05/2013Ortuzar: “Los partidos se han mostrado de acuerdo con el calendario de trabajo del Lehendakari”
13 iniciativas y agentes culturales galardonados en la tercera edición de los premios “Aixe Getxo!”
"Quizá no sea un buen tiempo para pactos y en unos meses sea diferente"
“CATALUNYA FRENTE AL MURO CONSTITUCIONAL”