Iñigo Iturrate: “Biktimei bidea ireki diegu gaur, aurrera egiteko egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideetan”

Jeltzaleek eta sozialistek poliziaren indarkeriaren biktimak erreparatzeko aurkeztutako erreforma legalak tramitatzeko oniritzia jaso du Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran. Legea beharrezkoa da eta ezin da atzeratu, biktima horiek eta euren familiek galdutako duintasuna berreskuratu dezaten. “Euskal erakundeok erantzun egiten dugu, giza eskubideen urraketekin Estatuak izandako utzikeriaren aurrean”, esan du Iturratek

Iñigo Iturrate: “Biktimei bidea ireki diegu gaur, aurrera egiteko egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideetan” 15Azaroak
2018
2018 AzaroaK 15 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Poliziaren gehiegikeriari buruzko euskal legea erreformatzeko Lege Proposamenak, jeltzaleek eta sozialistek bultzatutakoak, tramitatzeko aurrerapauso bat eman du gaur, eztabaidatzeko eta bozkatzeko onartu baitu gaur Euskal Ganberaren Bilkurak. Elkarrekin Podemosek ekimena babestu du, EH Bildu abstenitu egin da eta PPk aurka bozkatu du.

Lege-testuaren erreformaren helburua da 1978 eta 1999 urteak bitarteko poliziaren gehiegikeriaren biktima guztiei babesa, erreparazioa eta aitortza ematea. Orain arte, biktima horiek egungo arauen estaldura-eremutik at zeuden eta, hortaz, zuzendu beharreko injustizia pairatzen dute. Halaxe azaldu du Iñigo Iturrate legebiltzarkideak, erreformaren defentsan. Adierazi duenez, Lege Proposamen honen ondorioz, “Giza eskubideen Estatuaren barne Zuzenbidearen eta Nazioarteko Zuzenbidearen mandatua betetze da: giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea eta babestea”.

Iturratek deitoratu egin du Estatuak behin eta berriro erakutsitako pasibitatea eta utzikeria indarkeria polizialaren edo parapolizialaren aurrean, eta nabarmendu egin du eremu horretan euskal erakundeek kolektibo horri duintasuna itzultzeko egiten diharduten lana. “Biktimen erreparazioa eta konpentsazioa botere publiko guztion zeregina da, eta Estatuak behin eta berriro egiten dio muzin modu eskandalagarrian. Euskal erakundeok konponbide asistentziala eta administratiboa ematen diegu pertsona horiei”. Hori dela eta, hainbat eremutatik egindako salaketa injustuen aurrean (epaileen eta tribunalen lana ordezkatzea leporatu dute batzuek), EAJ-PNVren ordezkariak argi utzi nahi izan du arauak ez dituela botere judizialari propio zaizkion eskumenak inbaditzen. Esan duenez, ez zuen lehen egiten, eta ez du orain ere egingo artikuluei gehituko zaizkien aldaketen ondorioz. Aldaketa horien helburua da legearen segurtasun juridikoa indartzea, bere asmoari eutsiz: eragindako kaltea erreparatzea. “Eztabaidatzen dihardugun honen helburua da legearen jatorrizko testuan dagoeneko bazeuden berme juridiko eta konstituzionalak indartzea, eta orain behin betiko berresten ditugu. Ez zaio eskumenik inbaditzen botere judizialari, eta zaindu egiten da hirugarren pertsonen ohorerako, intimitaterako eta datuen babeserako eskubidea. Honek ez dauka zerikusirik ardura penalak egoztearekin edo gertatutakoa argitzearekin”, baieztatu du. “Garrantzitsuena biktimak dira, eta eurekiko dugun konpromisoa ez da kaltetuko idazkera berri honen ondorioz. Legea blindatuko, babestuko bere izaera asistentziala indartuko du”.

Erreformak dakartzan aldaketa puntualak uztailean adostu zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Horren ondorioz, Pedro Sánchezen exekutiboak konstituzio-aurkakotasun errekurtsoa erretiratu zuen, lehenago Mariano Rajoyren gobernuak aurkeztutakoa. Aldaketek Legearen lau artikulutan eragiten dute, eta ezabatu egiten du seigarren xedapen gehigarria. Iturratek berretsi du inola ere ez dela arauaren edukia edo xedea aldatzen: giza eskubideen urraketen biktimekin konpromisoa erabatekoa da. “Biktima askori bidea berriro ireki zaie gaur. 1960 eta 1999 urteak bitarteko gehiegikeria polizial edo parapolizialen ondorioz giza eskubideak urratu zaizkien biktimak dira. Bidea berriro ireki diegu gaur, aurrera egin dezaten egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidean. Badakigu eta badakite hau ez dela bidearen amaiera. Badakigu, eta badakite, beharrezko pausua dela eta ezin genuela luzatu. Biderik izango bada graduala izango da, edo ez da izango. Berriro ekin diogu bideari, irmotasun berberaz eta berme handiagoz”.

PPren jarrera deitoratu du Iturratek, ez baitu  Lege Proposamena babestu. Kolektibo horren eskubideen defentsaren aldeko konpromisorik ez izatea leporatu dio Iturratek PPri. “Borondate politiko falta da arazoa. Konpromiso falta, egon badauden biktimekin, gainontzeko biktimak bezala, eskubideak dituzten biktimekin. Mandatu legala eta morala daukagu pertsona horiekin, eta zuek uko egiten diozue zuen egitekoari”, amaitu du.

Interesatu Zaitez